'Presbiziak lagundu omen digu' Irakurketa optiko-poetikoa

Emanaldian sartu aurretik aurkituko du oharra publikoak: Begiaren akatsetik arituko gara. Presbiziatik. Hurbilekoa ikusteko zailtasunetik.
Eta, paradoxikoki, urteen etorriak ekarritako akats optikoak lagundu digu gauzak argiago ikusten. Bizia heldutasunetik –eta haren konplexutasunetik– hobeki ulertzen. Eta hain zuzen ere, paradoxa, tentsio eta ulermen-zalantza horietatik heldu da emanaldi poetiko honen izena. Eta izana: Presbiziak lagundu omen digu.
XIII. mendearen bukaeran asmatu omen ziren antiojoak. Horren oihartzuna dakar Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ‘presbizia’ hitzaren sarreran, ohiko definizioaren ondoren: “Presbizia zuzentzeko erabili ziren leiar ganbileko lehenengo betaurrekoak XIII. mende amaierakoak dira”. Hortaz, orain beti poltsan eramaten ditugun betaurrekoek genealogia luzea dutela iduri du.
Eta gainerako hiztegiek, zer diote presbiziaz? Zenbait hiztegi autorizatutan begiratuta, honat lehen ondorio bat: denek ez dute gauza bera ikusten, eta ondorioz ez adierazten ere. Euskaltzaindia, Real Academia Galega eta Institut d'Estudis Catalans erakundeen hiztegiek presbizia hurbileko gauzak ikusteko akatsa dela diote, kristalinoak malgutasuna galduta. Real Academia Española-k badakar lehengoek aipatu gabeko ñabardura garrantzitsu bat: “a causa de la edad” delakoa. Collins-ek, pauso bat gehiago emanda, adina-edo zehazten du pixka bat: “noticeable from middle to old age”. Eta, azkenik, urte kopuru konkretua ematera ausartzen da Académie française: “La presbytie se développe après l’âge de cinquante ans”. Antiojoekin irakurri behar dira maiz neutrotzat hartzen ditugun hiztegiak ere.
Irakurketa dramatizatu hau "Presbiziak lagundu omen digu" Edu Zelaieta Antaren poesia-liburuan oinarrituta dago (Pamiela, 2024), eta bi sortzaile arituko dira jendaurrean: Itziar Rekalde antzerkilari-kontalaria eta Edu Zelaieta idazlea.
Lekua: Mendia Optikaren inguruan
Ekitaldiaren datuak
| Data eta ordua | 2024.Maiatza.22, Asteazkena 18:30 |
| Prezioa | Doan |
| Kokapena | Andre Maria Zuriaren pasabidea |