Euskal Ahotsak: poesiaz eta lirikaz Yolanda Arrietarekin eta Edu Zelaietarekin

"Euskal Ahotsak: poesiaz eta lirikaz Yolanda Arrietarekin eta Edu Zelaietarekin"
Poesiak Euskadin duen egoerari buruzko solasaldia, Edu Zelaieta, Yolanda Arrieta eta Elisa Ruedaren ahotsekin.
Edu Zelaieta
EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren sailean. Eta hemen nabarmendu beharko genuke lehen bitxikeria: inoiz ez ez diote etengabeko ikaslearen egiazko lanbidea aitortu, bizitza gehiena horretantxe eman arren: ikasten.
Hainbat literatur genero landu izan ditu: poesia, kantuetarako letragintza, narrazioak, antzerkigintza, haur literatura... Euskaldunon Egunkarian artikuluak idazten hasi eta gero, hainbat komunikabidetan aritu da kolaborazioak egiten: Radio Vitoria, ETB, Argia, Berria, Alea edota Hala Bedi Irratia, besteak beste.
Bigarren bitxikeria nabarmena: irakurtzen idazten baino askoz ere denbora gehiago eman arren, sekula ez du irakurle kontraturik sinatu.
Mugaldekoak taldearentzat zein beste musikari batzuentzat idazten ditu kantuetarako letrak. Halaber, Mamiak kolektiboaren partaidea da, eta oraindik oholtza gainean den Ogiak hizketan baleki antzezlanaren gidoilaria.
Haur literaturan ere badihardu: hamar liburu itzuli ditu katalanetik eta ingelesetik euskarara; eta, bakarka egindako lanez gain, Txabi Arnal Gil idazlearekin batera ari da idazten, lau eskutara.
Hirugarren eta azken bitxikeria nabarmena: egoista delako elkartzen da beste pertsona eta sortzaile batzuekin, esan ez arren, denei zerbait ikasten diela aski ongi dakielako.
Yolanda Arrieta
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria Lea Artibaiko Etxebarrian jaio zen 1963an eta Usurbilen bizi da orain. Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako. Bakarkako lana sormen eta formazio-tailerrekin uztartzen du, ahoz nahiz idatziz, baina bizitza erdia darama liburuak egiten, batik bat, Haur eta Gazte Literaturan. Mari Xor (2018) ipuin ilustratua, Klasikoak gaur: Mari Xor (2018) saiakera liburua edota Bizenta txiki (2018) Bizenta Mogeli buruzko biografia irudiduna dira argitaratu dituen azken-aurreko lanak, guztiak Denonartean argitaletxean, bertan argitara eman dituelarik, baita ere, Kulun-kuttunak kanta-poema bilduma eta beronekin loturiko Aho bete amets: ahozko haur poesiaren alde ohar-liburua (2016), edota Argiaren alaba gazteentzako eleberria (2015ko Gazte Literaturako Euskadi Saria). Iragana gaurkotu ahala geroa eraikitzea atsegin du eta horren lekuko dira Atãria (2019) eta Txokolãtegia (2020) lanak, edota Mari Gonagorri eta hamazazpi berri (2023ko Lizardi Saria). Ikuspegi dibergenteak eta molde hibridoak atsegin ditu eta horietaz dihardu bere Zerak (2021) liburuan, nahiz eta joera horiek sumatzen ziren jada 2001ean Alberdanian argitaratutako Jostorratza eta haria eleberrian (Irun Saria, 1997). Geuretik Sortuak bekarekin idatzitako Estekak (2022) lanean, berriz, Etxarri-Aranazko jendeari eta ondareari egiten die keinu, fantasia eta poesia lagun hartuta. Sortzeak salbatzen gaituela jakitun, idazketaren alde dihardu Gutunak birramamari (Denonartean, 2024) gaztetxoentzako lanean. Etxe bat aldarrikatzen du bere azken liburuan, ametsak ontzen jarraitzeko Etxe bat norberarena (Alberdania, 2024).
Sarrera librea lekua bete arte.
Ekitaldiaren datuak
| Data eta ordua | 2024.05.18, Larunbata 18:30 |
| Prezioa | Doan |
| Kokapena | Kora Green City |